Erreserba Tel.: 946 583 192SARRERAK

Segurako antzerki taldeak, GURE ESKU DAGO-k eskariz eta laguntzaz, antzerki bat antolatu du. 1927-1938 urte bitartean gertatzen da aurrean dezun “IRAGANA, Lahar eta Larrosa”. Urte oso garrantzitsuak. Oso mugituak. Loratze baten garaia. Eta ondorengo “izotzaldiak”… Urte horietan gauz asko gertatu ziren, gaur egunean ikasi eta lagungarri izan daitezkeenak. Bai gaurkoa ulertzeko, bai etorkizuneko pausoetan lagungarri izateko.

Antzerki honek Primo de Riveraren diktadura egon zeneko garaietatik Gerra Zibillaren hasierara eramaten gaitu (1923-1937). Gipuzkoako Goierriko herri batean dago kokatuta eta orduko bi familien bizimodua azaltzen da.

Garai haietan Goierri inguruan nekazaritzatik bizi ziren pertsona gehienak, nahiz eta industria ere sortzen eta garatzen hasita zegoen. Horregatik bi familia horiek bizi zuten giroa islatzen da gehien bat antzerkian (zein zen beraien ogibidea, belaunaldi desberdinetako pertsonek osatzen zituzten familien bizimodua, bizirauteko zituzten arazoak, ohiturak, auzolanaren indarra, elizak eta apaizek beraien bizitzan zuten eragina eta abar).

Bestalde, eta Espainiako gobernuan eman ziren aldaketen ondorioz, garai horretan gizartea aztoramen handien menpe bizi zen. Eskubide guztiak ukatzen zituen Primo de Riveraren diktadura bortitz batetik Bigarren Errepublikaren esperantza eta ilusiora pasatu zen gizartea, baina azkenik dena 1936ko altxamendu faxistan amaitu zen.

Eta testuinguru orokor honen barruan, zera ere antzezten da antzerkian: Bigarren Errepublika aldarrikatu zen egun berean, Jose Antonio Agirrek, beste alkate bizkaitar, batzurekin batera (Jesus Ariño, Elorrioko Alkatea hoietariko bat zen), Euskal Errepublikaren aldarrikapena egin zutela eta Euskal Herriko hainbat udalerrietan manifestuak bultzatu zituztela aldarri bera egin zezaten (Gipuzkoako Goierriko herrietan barne). Aldarrikapen horrek izan zuen atxikimendu zabala, sortu zuen ilusioa eta esperantza, Espainiako behin-behineko gobernuaren eskutik jasan zituen gaitzespena, eta abar.

Antzerkiak bi helburu nagusi ditu:

Alde batetik, garai horretako historia ezagutarazi nahi zaio ikusleari, eta jendeak zuen bizimodua, etxeko eta hauzoko harremanak, lanbideak, euskara eta euskal kulturaren egoera, irakaskuntzaren egoera, elizak instituzio gisa gizartearengan zuen eragina, elizgizon edo apaizen balorazio desberdina egoera sozial eta politikoari buruz, industrializazioaren gorakada, errepresioaren eragina, herritarrek zituzten kezkak eta abar antzezten dira.

Bestetik, orduko egoera ezagutzeaz gain, Espainian Bigarren Errepublika aldarrikatu zenean, Euskal Herriko udalerri askotan Euskal Errepublika eta autodeterminazioa aldarrikatu egin zirela jakinaraztea da. Behetik goraka sortu zen mugimendu indartsu hura (udal batzuen eraginez abaituta) gaur egunerako ere adibide argi bat izan daitekeela azaldu nahi da antzezpenaren bidez, jende xehearen nahietatik abiatuz, indarrak bilduz, desberdinen arteko partaidetza bultzatuz, Euskal Herria gauzatzeko bidean pausoak emateko.

Herri-antzerki bat denez, protagonistak herritarrak dira. Seguran dagoen antzerki talde afizionatu bateko kideek bultzatu dugu antzerki hau egitea.
Antzerkian parte hartzen dutenak 15 pertsona dira. Horien artean 3 haurrak dira eta beste 12ak adin desberdinetako pertsonak.

arriola

1989an Arriola Antzokia udalaren jabegokoa bihurtu zenetik arte eszeniko anitzetarako areto da. Arriola Kultur Aretoa Elkarteak eta Elorrioko Udalak sinatutako hitzarmenari esker Antzokiaren kudeaketa bitarikoa da. Arriolaren eskaintza: Helduendako eta umeentzako zinema, antzerkia eta umeentzako antzerkia; musika, dantza, antzerki-tailerrak, dantza-ikastaroak, hitzaldiak eta eztabaidak, hainbat ekintza pribaturako alokairua, kultur taldeentzako azpiegitura eta ekintza instituzionaletarako gunea. Arriola Antzokiaren ekintza estrategikoak: Elorrioko adin sektore desberdinentzako urteroko programazioa (umeak, gazteak, helduak eta jubilatuak). Arriola Elkartearen ekoizpenak: Arriolako Jazz-Blues jaialdia, Munduko kontu kontalariak; Gazteriari zuzendutakoak: Akadantz: dantza urbanoen lehiaketa, Break On Stage: break dance lehiaketa eta kultur urbanoen erakusketa, 24 Ordu Digitalean: laburmetraia-lehiaketa...

PROGRAMAZIOA

Igo