“Lurrun minez”
Hiru marikaren arteko drama psikologiko, sozial eta sexuala da Lurrun minez. Hiruki arrosa. Daviden Erreinua izeneko gizonezkoen sauna batean gertatuko da ezusteko topaketa. Ustez anonimatuan gertatzen den sexu trukerako espazioa izango da hirurentzako elkargunea.
Gabon gauean itxita egon behar luke saunak, baina Alexek bere kabuz irekitzea erabaki du, opari ederren bat jasotzeko esperantzaz. Beste pertsonaiak iritsi ahala, lurrun artean ezin ikus daitezkeen hariak argitara azaltzen joango dira, askatzeko zaila izango den lokarria sortu arte.
Parranda orgiastikoa izan nahi du gauak. Baina dibertimendu eta libertimenduan bizirauteko ospakizunak, kontraesanek, gezurrek eta minek bustitako lurrun gaua izaten bukatuko du. Izan ere, gorputzek jaia eta politika egin nahi badute ere, herentzia pisutsua jasaten dute oraindik, benetako borondate askeak zapuzten dituen herentzia soziala.
Desirak eta beldurrak, alkohola eta pasioa, ezinegona eta nahiak, izerdia eta lurruna, beldurrak eta beharrak, lumak, gorputzak eta arimak nahastuko dituen koktela izango da gabon gau hau.
Drama psikologiko, sozial eta sexual honetan galdera asko planteatuko da, hausnarketarako gaiak.
Egilea: Galder Perez
Zuzendaritza: Olatz Gorrotxategi
Antzezleak: Gaizka Chamizo, Jon Koldo Vazquez, Pelayo Serrano
Musika: Joseba B. Lenoir
Argiztapena: Paco Trujillo
Iraupena: 70 min.
16 urtetik gorakoentzat